Talde Teknikoa

Gure talde teknikoa guretzat oso garrantzitsua da. Oso jende trebatua da, euskalduna, hurbila, ukimen handikoa eta igeriketan urteetako esperientzia duena 🏅. Oso harro gaude gure talde teknikoaz 🏊‍♀️.

Mikel Zabala

Mikel Zabala (@coachtmike) gure mister nagusia da. Entrenatzaile guztien koordinatzailea eta E5 eta Federauen entrenatzaile burua 📢. Kosnoagaren bihotza ❤️ gure igerilariak baldin badira, Taldearen burua 🧠 Mikel da, zorrotza eta maitagarria aldi berean. 

Heziketa fisikoan magisteritza diplomatua eta, Kirola eta Ariketa fisikoaren zientziatan lizentziaduna. Goi mailako kirol teknikari ikasketak burutu ondoren, Amorebieta-Etxanoko kiroldegian igeriketa monitore 🥽 bezala sartu zen lanean (2009 urtean) eta, urte bi beranduago Amorebieta-Etxanoko Igeriketa Taldea (@ae.igeriketa) sortu zuen. Bertan entrenatzaile ⏱️ izan zen 2011tik 2020ra. 2021 urtean gurekin hasi zen lanean eta ordutik, esan bezala, Kosnoagaren (@kosnoagaigeriketa ) ezinbesteko kide bilakatu da.

39 urte dituen garaitar hau, 2016tik Gernikan bizi da, irakaslea da 👓 eta, gaur egun, Barrutialde institutuan ari da lanean. Bere pasioa mendi-lasterketak 🏔 egitea da, horretarako gogor entrenatzen duelarik🏃‍♂️. Hala ere, badago 2022ko abendutik hona Mikelen bizitzan ardura eta pasio handiago bat: bere semea. Orain, hortaz, Mikelek, bere hiru maite-suak uztartu behar ditu: semea, mendi-lasterketak eta igeriketa irakasketak.


Garazi Bengoetxea 

Garazi Bengoetxea (@garazibengoetxea ) gure talde-teknikoaren parte oso garrantzitsua da. Sorosle titulua dauka eta entrenatzaile titulua bideratzen dago ⏱️. 12 urte daramatza Kosnoagan igeriketan, orain federatu eta master kategorian lehiatzen da, eta gurekin jarraitzen du Kosnoaga Igeriketa Taldea txapelketa anitzetan ordezkatzen. Garazi, CAFyD+LH ikasten 🧠 dago Deustuko Unibertsitatean (@udeusto ), hau da, Jarduera Fisikoen eta Kirolaren Zientzia eta Lehen Hezkuntza. E3 taldeko igerilariei eta aniztasun funtzionala dutenei entrenatzen die. Gure umeek izugarri maite dute 🥰.

20 urte ditu, gernikarra da eta igeriketaz gain, eskiatzea gustatzen zaio ⛷️. Lagunen lagun handia, Garazik izugarri disfrutatzen du bidaiatzen eta itsas-zeharkaldiak egiten 🐟.




Aimar Ondarza

Aimar Ondarza (
@aimarondarza) Mintxo mailako Espainiako txapelduna izan zen 100 bizkarrekoan 2018. urtean 🏅 eta, froga berdinean, hirugarren postua lortu zuen 2017 eta 2019. urteetan. Sorosle titulua dauka eta entrenatzaile titulua bideratzen dago. 12 urte daramatza Kosnoagan igeriketan 🏊‍♂️ eta gaur egun master eta federatuen kategorian lehiatzen da. Aimarri kirola egitea izugarri gustatzen zaio: igeriketa, errepideko bizikleta, bodyboard… Taldeko Ibai Obieta (@ibaiobieta_ ), Jon Fernandez (@_j0n___ ) eta hirurek askotan joaten dira bodyboard egitera Lagako ondartzara 🏄. Mekatronika industriala ikasten dago Lea Artibai Ikastetxean (@leartik ), Markina-Xemeinen, eta E4 taldeko igerilariak entrenatzen ditu.

Aimarrek 20 urte bete berri ditu eta lanerako gaitasun handia dauka; era berean, lagunekin denbora librea pasatzea gustatzen zaio eta leku berriak bisitatzea, ahal duen guztietan bidaiatzeko aprobetxatzen duelarik.



Aimar Irazabal 

Aimar Irazabalek (@aimarirazabal_ ) 13 urte daramatza Kosnoaga Igeriketa Taldean. Eskolar moduan hasi eta orain federatu eta master bezala lehiatzen da, Bizkaiko zein Euskadiko txapelketetan. Era berean, entrenatzaile gisa dago taldeko umeekin; aurton N1 igeriketako entrenatzaile titulua ⏱️ bideratzen dagoelarik. Aniztasun funtzionaldun igerilarien monitore bezala ere dihardu.

Aimarrek txikitatik egin izan ditu itsas-zeharkaldiak 🏊‍♂️ eta urte guztietan biziki gustatzen zaion eta 2.850metro dituen Getaria-Zarauzko zeharkaldian parte hartzen du. Sorosle titulua dauka, eta bi urte jarraian aritu izan da Urdaibaiko San Antonioko hondartzan 🏖 eginkizun horretan. Datorren udan ere bertan aurkituko duzuelakoan gaude. Zaletasunei dagokionez, Aimarri bereziki igeriketa gustatzen zaio, igerilekuan zein itsaso zabalean, baina horretaz gain, futbolzalea ⚽️ ere bada, eta gaineratu genezake, padela ere ez zaiola batere gaizki ematen.

Irazabalek 20 urte ditu, nahiz eta laster, otsailean, 21 egingo dituen. Cafyd+LH-ko hirugarren mailan dago 🧠 eta hurrengo lauhilekoan, Erasmus programaren bitartez, Zagreben (Kroazia🇭🇷) burutuko ditu bere ikasketak. Duen aisialdi eskasa, lagunekin, mendira 🏔 igotzen eta bidaiatzen ematen du.
GURE TALDE TEKNIKOA: Leire Begoña

Leire Begoña 

Leire Begoña (@leiirebee) bermiotarra da. 21 urte ditu eta 12rekin hasi zen igeriketa lehiaketetan parte hartzen, nahiz eta igeriketa baino arinago gimnasia erritmikoan 🤸‍♂️ haritutakoa da. 

Igeriketan lehen pausuak Bermioko Kikunbera (@kikunberaigeriketa_bermeo) taldean eman zituen baina, alebinen bigarren urtean Kosnoagara etorri zen eta gurekin jardun izan du Estatu Batuetara 🇺🇸 joan arte, izan ere, batxilergoko lehenengo urtea, Leirek, Madisonen egin zuen (Wisconsin), han ere igeriketa 🏊‍♀️ lantzen jarraitu zuelarik. Ameriketatik bueltatu zenean, Kosnoagara itzuli zen baina, lesio bat medio, lehiatzeari utzi zion, hala ere, itsaso zabalean zeharkaldiak egiteari ez dio inoiz utzi, benetan horrekin izugarri gozatzen duelako.

2022. urtean N1 titulua ateratzen zegoela (sorosle titulua ere badauka), berriz, igeriketan lehiatzeko harra sartu zitzaion eta Kosnoagako igerilariekin Master mailan konpetitzen 🏅 hasi zen urte betez. Urte horretan baita, igeriketa-monitore gisa lanean hasi zen gurekin eta, gaur egun, E5 taldeko umeak eta federatuak entrenatzen ditu.

Ikasketei dagokionez, Ekonomia 🧮 ikasten dago Euskal Herriko Unibertsitatean, hirugarren mailan, hain zuzen ere, eta, horrez gain, euskara eta ingeleseko indartze-klaseak 📘 ematen ditu.

Gaur egun, Leirek, bere kabuz entrenatzen du eta, batez ere, entrenamendu funtzionala jorratzen du. Guzti horiek egin ondoren, gelditzen zaion aisialdi urria lagunekin eta bidaiatzeko 🕶 erabiltzen du.

Elene Gutierrez


Elene Gutierrez (@elenneguti ), 23 urte dituen zornotzar peto-petoa da. Haur Hezkuntzan graduatua 📚 eta, gaur egun, Lehen Hezkuntzako azken urtea egiten ari da Madrilgo Nebrijako Unibertsitatean, Heziketa Fisikoko espezialitatean.

Elenek betidanik egin izan du igeri, bost urterekin 👶 hasi eta gaur egunera arte ez dio uger egiteari utzi. Esan daiteke oinez baino lehenago, igerian ikasi zuela 🐠.

Amorebieta-Etxanoko klubeko (@ae.igeriketa ) entrenatzailea izen zen hiru urtez (2018tik 2020ra arte) eta iaztik gurekin dago Kosnoagan. Gure umeek izugarri gustuko dute Elene, esaten dute arazoak entzuten dakizkien entrenatzaile eta laguna dela. E1, E2, masterrak eta federatuak (F2) entrenatzen ditu.

Kirol zale amorratua, munduan gehien gustatzen zaiona itsaso zabalean uger 🏊‍♀️ egitea da, hala ere, baditu beste zaletasun asko; mendizalea eta irakurle sutsua da. Oraintxe bertan, Jon Krakauer-en `Mal de Altura: Relato personal de la gran tragedia del Everest’ irakurtzen 📖 ari da eta gehien gustatzen zaizkion tunturrak, Aramotzeko mendilerroan dauden, Belatxikieta eta Mugarra dira 🏔.

Comentarios

Entradas populares de este blog

Kosnoaga aurten ere txapeldun

Kosnoagako igerilariek Salome Campos trabesian parte hartu dute

Igeriketaren onurak umetan eta nerabezaroan